XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Guzti horren ondorioa, ezinaren sentimendua nagusitzea da, bere burua mugatua ikustea eskolako gauzetarako, edo, okerragoa dena, bizitza guztirako.

Beste jarrera, frakasatua denik ez onartzea da, eta, erreakzioz, bere buruaren irudi txarra isladatzen duten eskola eta irakasleekiko harremanak moztea.

Jarrera hau mesedegarria izan daiteke aurrekoarekin konparatuz, baina gurasoen eta irakasleen eritziak eta baloreak bakoitzak bere eritzi propioez ordezkatzeko nortasuna urteekin lortzen da; eta baldintza horiek ez dira ematen oinarrizko irakaskuntzaren garaian, geroago baizik.

Laburbilduz: eskola-porrotak frakasatua izatearen sentimendua hezurretaraino sartzen badu, ikasketak jarraitzea eragozten badu, langabezian egoteko eta delinkuentzian sartzeko aukerak ugaritzen baditu, orduan eskola-porrota bizitzako porrotaren eragilea dela esan daiteke.

Hori horrela balitz norberak hala nahi duelako, edo horrela ez izaten ahalegindu ez delako, gaitz-erdi, nahiz eta ikaragarri gogorra izan irteeratik beretik zama astun horrekin hastea.

Baina hori horrela bada klase sozial apaleko familian jaiotzeagatik edota edonolako eritziz, arbitrarietatez jositako eritziz, administrazioak eta eskolak hartzen duten erabaki baten ondorioz, orduan, eskola-porrotaren erabilpena ez ote da, azken batean, konpetentzian eta lehiaketa basati batean oinarritutako gure gizarte honek jartzen duen lehen bahea?.

Eskola-porrotaren mugak eta ondorioak aztertu ondoren, batez ere azterketa horren ondorioak ezkorrak izan badira, badirudi irteerak eskaini behar direla.

Ez da artikulu honen helburua alternatibetan luzatzea, baina, esandakoaren hariari jarraituz, hona hemen irteera batzuen aipamena: - Eskola-porrotaz hitz egin ordez, eskola-arrakasta lortzeko baldintzez hitz egin.

- Eskola-arrakasta lortzeko baldintzetan, gizartearen, eskolaren eta ikaslearen sektoreetan eragina duten aldagai guztiak kontutan hartu, arrakasta zein porrota ikaslearen esparrura mugatu gabe.

- Ikaslearen arrakastaz hitz egiten denean, guztientzat berdina izan beharrean arrakastaren erreferentzia, bakoitzak bere erreferentzia berezia izatea, dituen ahalmenen arabera.